berria.info

Asteazkena, 2008ko urriak 1.

 

 

Ibarretxe jauna, zergatik ezkutatu egia?

Martxel ToledO.

ESAIT-eko kideA.

Euskal Autonomi Erkidegoko lehendakari izateagatik, Juan Jose Ibarretxe jauna, pertsona oso publikoa eta ezaguna da euskal gizartean eta baita Espainia aldean ere, hor batez ere, azken urte honetan bere izena daraman Plana dela eta, protagonismo zuzena lortu duelako. Eta jakina, ezaguna izate horrek izango ditu bere alde onak, baina baditu alde txarrak ere. Eta horien artean kokatu daiteke, bere ahotik ateratako ia guztia, gero besteok, hedabideei esker, jakin ahal izaten dugulako. Eta jakina, horrek aukera ematen digu egia esan duen edo gezurretan aritu den jakiteko.

Egungotasunean kokatuta, bere izena daraman Plana izan daiteke adibideetako bat nola gai den bere hitz ponpoxoak erabiliz euskal gizarteari errealitatea ezkutatzeko. Baina ni, gaurkoan, euskal selekzioa ardatz hartuta esandakoaren inguruan mintzatuko naiz.

Orain urte batzuk, 2005eko urtarrilaren 8an hain zuzen, hemerotekan ikus daitekeen bezala, Euskal selekzioarekin jolasean izenburuarekin iritzi artikulu bat plazaratu nuen. Eta aipatu artikulua horrela abiatzen zen, «ez da lehenengo aldiz, eta ziur nago ez dela azkenekoa ere izango, EAEko lehendakariak, Ibarretxe jaunak, euskal selekzioarekin jolasten duela». Eta bertan, besteak beste, egun batzuk aurretik, Donostian, Honduras eta Euskal selekzioaren partida zela-eta, Ibarretxek egindako adierazpenak kritikatzen nituen, hark hedabideen aurrean esandakoa, «euskal gizarteak nahi duenean, euskal selekzioek nazioartean ofizialki jokatuko dute», egia izatetik oso urrun zegoelako. Denok dakigulako zoritxarrez ez dagoela euskal gizartearen esku nazioartean geure selekzio ofizialak izatea ala ez, bestela, inongo zalantzarik gabe, aspaldian horrela arituko ginelako. Baina errealitatea zeharo alderantzizkoa da. Beraz, hitz politak erabiliz, egia ezkutatzen aritu zen. Eta horretarako testuinguru aproposa erabili zuen, euskal selekzioaren partida alegia, euskal gizartearen belarriak gozatzeko, nahiz eta jakin ez zela ari egia esaten. Baina orduan aipatzen nuen bezala, ez da lehenengo aldia Ibarretxe jaunak euskal selekzioa erabiliz horrelako adierazpenak edo antzekoak egin dituela. Besteak beste, 1999ko abenduaren 29an, ia orain bederatzi urte, San Mames futbol zelaian, Euskal selekzioa Nigeriakoaren aurka aritu zenean egindakoak ere antzekoak izan zirelako: «Garbi daukat euskal gizarteak nahi duenean euskal selekzioak izango ditugula, eta ez futbolekoa soilik». Beraz, ikusten da Ibarretxek, hedabideen aurrean eta promesak egiterakoan, behin eta berriro gustukoa duela euskal selekzioa erabiltzea. Agian, euskal selekzioaren beharra euskal gizartean txertatuta dagoelako izango da. Gaitz erdi horrela bada, agian, hori etorkizunean ofizialtasunaren onerako izan daitekeelako.

Lau urtetik behin jokatzen diren Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak bukatu berriak dira Pekinen (Txina), eta bertan, Espainia eta Frantzia ofizialki ordezkatuz, euskal kirolari ugari izan ditugu lehiatzen, eta emaitza onak lortu dituzte. Eta jakina, Jaurlaritzak, euskal kirolari batzuei harrera egin die Pekinen haiek lortutakoa euskal gizartearen aurrean goraipatzeko. Eta diot batzuei, Paralinpiarrei egindakoan ez zirelako oraingoan, Pekinen lehiatu diren Nafarroa Garaikoak eta Lapurdiko kirolariak egon. Ez dut gaizki pentsatu nahi baina agian, esaera zahar batek dioen bezala, gaizki pentsatu eta ...

Baina ez naiz ni izango Jaurlaritzak eta beste euskal Instituzio batzuek egindako harrera horien aurka jarriko naizena, besteak beste, ESAIT izan zelako orain urte batzuk, formatu xumean bazen ere eta beste irizpide oso desberdinak hartuta, ongietorrien eredua martxan jarri zuena. Horren lekuko izan daitezke, besteak beste, 1998. urtean Mexikora munduko pilota txapelketa lehiatzera joan aurretik euskal pilotariei Donostian egindakoa, Sydneyko 2000. urteko Paralinpiar Jokoetan parte hartu zutenei Sondikan eta Hondarribiko aireportuetan egindakoak, Japonian 2001.urtean Munduko sokatira txapelketan Sakanako neskei ikurrina podiumean ateratzeagatik kanporatuak izan ondoren Sondikan egindakoa edota, 2001. urtean bertan, Miarritzen Euskal surf kirolariei eta Gasteizen Wushu Kung-Fu-koei emandako babesa. Ekimen horietatik aparte, azken urte hauetan ere, ESAIT beti egon da euskal selekzioa ardatz hartuta euskal kirolariei babesa ematen, halaber 2002. urtean Iruñean jokatutako Munduko pilota txapelketatik kanpo utzi zituztenean, 2006. urtean Camp Nou zelaian Katalunia eta Euskal Herriko gizonezko selekzioen arteko futbol partida jokatu zenean edota, Venezuelan 2007ko udaran, gizonezkoen Euskal Selekzioak futbolean Venezuelaren aurka jokatu zuenean eta kirolariek ofizialtasuna jartzen zuen pankarta bat zelaira ateratzeagatik espainiar hedabide eskuindar nazionalisten aldetik kirolari horiek jasotako irainak eta lintxamendu mediatikoen aurrean, publikoki gure babesa eskaini genienean. Beraz, babesa oinarri hartuta, Ibarretxek zuzentzen duen Jaurlaritzak edo beste edozeinek, euskal kirolariei egin diezaieketen ongietorri harreraren aurka ezin naiz egon; alderantziz, uste dut kirolari guztientzat babesa jasotzea oso garrantzitsua dela, batik bat, babes hori, konpromisoarekin bat eginez badoa. Baina babes hori aitzakia hartuta Ibarretxek egin dituen adierazpen publikoen aurka bai banago, esandakoaren zati bat behintzat ez delako egia eta, gainera, errealitatearen aurrean, horrek euskal gizartea nahasi dezakeelako. Euskal kirolariek egindakoa Ibarretxek goraipatzea eta heroiak bezala tratatzea, hori ongi dago baina ez zait zilegi iruditzen, kirolari horiek Pekingo Paralinpiar Jokoetan Euskal Herria ordezkatu dutela esatea, hori ez delako egia, euskal kirolariak izan arren, oraindik, tamalez, Espainia eta Frantzia ordezkatuz lehiatu direlako. Eta Ibarretxek eta bere laguntzaile guztiak hori horrela dela jakin badakite, guztiok dakigun bezalaxe. Beraz, lotsagarria iruditzen zait horrelako ekitaldi bat aprobetxatuz euskal kirolariek lortutako emaitza bikainei etekin politikoa atera nahian ibiltzea eta, errealitatea ezkutatuz, euskal gizartea engainatzea, finean, herri honek egia jakiteko eskubidea ere baduelako, galdetzeko eta pentsatzen duena esateko duen bezalaxe.

© berria.info