
Asteartea, 208ko urriak 14.
Lehia taula gainean.
Vladimir
Kramnikek eta Viswanathan Anandek Munduko Xake Txapelketa jokatuko dute gaurtik
azaroaren 2ra.
Faboritorik
ez dago, eta bi jokalarien maila kontuan hartuta, ikuskizuna ziurtatuta dago.
Josu TornaY.
Gaurtik azaroak 2ra jokatuko da
Munduko Xake Txapelketako finala, Bonnen (Alemania). Duela 74 urte jokatu zen
horrelako torneo bat azken aldiz Alemanian. 1934an Alexander Alekhine errusiarrak
eta Efim Bogoljubov ukraniar-alemaniarrak jokatu zuten, eta Alekhine nagusitu
zen. Aurten ere errusiar bat ariko da finalean: Vladimir Kramnik. Viswanathan
Anand indiarra izango du aurrean, egungo munduko txapelduna. 1934ko finalean,
berriz, errusiarra zen munduko txapelduna. Gainera, horrek erraz gainditu zuen
txapeldungaia. Aurten, ordea, berdintasun handiko lehia izango da.
Hamabi partida jokatuko dituzte
hilaren 31ra arte. Azaroaren 1a eta 2a, berriz, erreserbatuta daude irabazlea
zehazteko partidak beharrezkoak balira. Xakezaleen zorionerako, partidetako
erritmoa klasikoa izango da, eta kalitate handiko jokoa espero da. Kramnik
defentsa eta estrategiako espezialista da. Anand, berriz, taktikarako eta
erasorako bereziki dohatua. Oso jokalari ezberdinak dira, baina biak abilak.
Ez dago faboritorik. Ez batak ez
besteak ez du gauza handirik erakutsi azken aldian. Anand gaizki ibili zen
Bilbon, eta azkena izan zen. Kramnikek ez zen gaizki ibili abuztuan Moskun,
baina ekainean askoz txartoago ibili zen Dortmunden (Alemania) zazpigarren
sailkatuta. Hain zuzen ere, FIDEko zerrendetan Anand bosgarren da, eta Kramnik
seigarren. Ez daude Veselin Topalovengandik oso urrun, baina aurretik ere
Alexander Morozevitx, Vassili Ivantxuk eta Magnus Carlsen dauzkate. Apustuak
Kramniken alde daude, buruz burukoetan espezialista baita. Aurkari erasokorren
erasoak gelditu ditu horrelako maila handiko lehia batzuetan -Gary Kasparoven
aurka 2000n eta Topaloven aurka 2006an-.
############
SoslaiA.
Vladimir KramniK.
Itsaso Beltzeko marrazoa.

Vladimir Kramnik 1975ean jaio
zen, Moskun. Aita eskultore ezaguna izan zen, eta ama musika irakaslea. 5
urterekin hasi zen xakean, eta 16 urterekin Gazteen Munduko Txapelketa irabazi
zuen. Kasparoven ustez, Kramnik belaunaldiko jokalaririk talentudunena zen.
Horregatik sartu zuen bere analisten artean. Kramnik torneo garrantzitsuak
irabazten joan zen, baina buruz burukoetan ez zituen emaitza onak izan. Hain
zuzen, FIDEko eta PCAko hautagaien aurkako buruz burukoetan kanporatu zuten 1995ean.
Haren entrenatzaile ohiak garbi zeukan erretzeak, edateak eta ohitura txarrek
eragin handia zutela. Horren ondotik, errusiarrak ohiturak aldatu zituen.
Kramnikek xakea sakontasun
handiz ulertzen du, eta joko posizionala nahiago du bariante zorrotzak baino.
Defentsako espezialista da, eta oso iaioa posizio estuetan. Ez zaio axola
itxarotea, eta, marrazoen moduan, aurkariak ahultzen ditu irabazi arte. Hortik
datorkio goitizena.
Mendearen bukaeran, benetan
zaila zen Kramnik gainditzea. Hain zuzen ere, 2000ko uztailean beste marka bat
ezarri zuen: 86 partida galdu barik urte eta erdian. Garai hartan, bere
garaipenik ederrena heldu zen: Kasparovi irabazi zion Munduko Txapelketa ez
ofizialean. Kasparov faboritoa zen, baina Kramnikek defentsa gaindiezina planteatu
zuen. Baliabideak ez zitzaizkion bukatzen, eta Kasparoven nerbioak gero eta
okerrago zeuden. 15 partidetan, Kasparovek ez zuen partida bakar bat ere
irabazi, eta Kramniken bi garaipenekin Kasparoven 15 urteko erreinua bukatu
zen. Horren ostean, Kramnik ez zen torneo askotan ibili, baina agertu zenean
ondo aritu zuen. 2004an bere ofizialtasunetik kanpoko munduko titulua defendatu
zuen Lekoren kontra.
2005ean osasun arazo larriak
izan zituen. 2006an itzuli zen, sasoiko. FIDEk zerbait egin behar zuen, eta
Elistako torneoa irtenbide ona izan zen munduko txapelketa bateratzeko. Bere
garaipenarekin Kramnik txapeldun bakar bihurtu zen, baina Topalovek tranpak
egitea leporatu zion. Orain titulua berreskuratzeko aukera du eta salaketak
isilarazteko. J. TornaY.
############
############
SoslaiA.
Viswanathan AnanD.
Madrasko tigrea.

Ekonomian lizentziaduna eta
anitzeleduna da Viswanathan Anand (Madras, India, 1969). Nahiz eta Madrasko
tigrea goitizena gaztetatik jaso, pertsona lasaia da indiarra. Collado Villalban
(Madril) bizi da duela urte batzuk hona, eta bere izaera umila eta atseginak
denen begikotasuna eman dio. Sobietar Batasunean jaio ez den xakelari onena da
Bobby Fischer erretiratu zenetik. Indian heroi nazionala da.
Anand jaio zen urtean xake giro garrantzitsua
zegoen Madrasen. Indiako lehen nazioarteko maisuak Madrasekoak ziren, eta, han,
Sobietar Batasuneko enbaxadak sustatuta, Mijail Tahl xake klub ospetsua zegoen.
Ananden talentu naturala batez ere partida bizkorretan ikusi zen txikitatik.
Ananden ibilbideko unerik erabakigarriena seguraski 1987an ailegatu zen,
gazteen Munduko Txapelketa irabazi zuenean. Bere izena zabaldu zen mundu osoan.
Hala, «demonioak bezain bizkor mugitzen den gaztetxo indiarra» bataiatu zuen
garai hartako aurkari batek. Maisu Handien titulua 18 urterekin lortu zuen.
Baina ezusteko ez atseginen bat ere jaso zuen hain bizkor mugitzearren. Garbi
zegoen haren ohitura batzuk aldatu behar zirela gorago ailegatzeko.
Maisu Handien titulua lortu
ostean, urte txar batzuk pasatu zituen Anandek. 1991n gauzak hobeto joan ziren,
eta Munduko Txapelketako hautagaien lehiarako sailkatu zen. Anatoly Karpov
egokitu zitzaion final-laurdenetan, eta, nahiz eta lehia ona jokatu, galdu egin
zuen. Halere, 1991ko gabonetan ikusi zen handienen artean sartuko zela. Reggio
Emilia torneoan, 90eko hamarkadako lehen supertorneoan nagusitu zen Karpoven
eta Kasparoven aurretik.
1993an, PCAko eta FIDEko
torneoak jokatzen saiatu zen, eta bietan izan zen hautagai. FIDEkoan Gata
Kamskyk kanporatu zuen, eta PCAkoan finalera heldu zen, Kasparoven kontra.
Baina 1995ean, Kasparov unerik onenean zegoen, eta tituluari eutsi zion.
1998an, FIDEk bultzatutako formatu berria irabazi zuen Anandek eta Karpoven
aurka finala jokatzeko eskubidea lortu zuen, baina berdinketa hausteko
partidetan galdu egin zuen.
Karpovek eta Kasparovek XX.
mendeko azken 25 urteak menperatu zituzten, eta hori oztopo garrantzitsua izan
da belaunaldi oso batentzat, Anand barne. Munduko Txapelketa irabazteko aukerak
XXI. mendetik hurbil hasi ziren zabaltzen: 2000n Kramnikek Kasparov gainditu
zuen Braingames Munduko Txapelketan, eta Anandek Shirov FIDEkoan. Bi txapeldun,
beraz. Orain txapeldun bakarra da Anand, eta Bonneko lehia aukera ona da
indiarrak Mexikon lortu zuen txapela merezi zuela erakusteko. J. TornaY.
############
©
berria.info