
Ostirala, 2009ko urtarrilak 9.
Selekzioei nazioartean lehiatzea galarazi die
EAEko Auzitegi Nagusiak.
Hogei federaziok Euskadi nazioarteko lehiaketetan ordezkatzeko debekua
berretsi du auzitegiak.
Erredakzioa. DonostiA.
Euskal Autonomia
Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen atzo EAEko kirol
federazioek ezin dutela Euskadi nazioarteko lehiaketetan ordezkatu. Erabaki
horrekin Auzitegi Nagusiak behin-betiko egin du 2007ko urrian hartutako
behin-behineko erabakia. Orduan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera
utzi zituen federazioen estatutuetako 5. eta 6. puntuak, federazioek «Arabako,
Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkaritza gainditu eta euskal kirola nazioarteko lehiaketetan
ordezkatzea ahalbidetu zezaketelako». Federazioek erabaki horren aurkako
helegitea aurkeztu zuten, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aurretik
hartutako erabakia berretsi du.
EKFB Euskal Kirol
Federazioen Batasunak eta ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak gogor
salatu zuten orduan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia. EKFBk azpimarratu zuen Euskadiko Federazioek nazioartean
lehiatzen jarrai dezaketela. EKFBk gogoratu zuen
1999ko otsailaren 9an ere EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskadiko
Federazioak nazioartean parte hartzea debekatu zuela, baina, hala ere,
nazioartean lehiatzen jarraitu dutela.
ESAITek gogor salatu zuen Espainiako Gobernuaren jarrera. ESAITek
esan zuen «Euskal Herri gisa kirol diziplina guztietan nazioarteko
txapelketetan parte hartu ahal izatea herri eskubidea» dela. Espainiako
Gobernua Euskal Herriaren kirol eta giza errealitatetik «oso urrun» dagoela
gaineratu zuen ESAITek, eta helegiteak aurkeztuta,
Espainiako Gobernua Euskal Herriko kirol federazioen «etsai moduan» kokatu
zuela bere burua. Horren aurrean, behar bezalako erantzuna emateko deia egin
zuen ESAITek.
© berria.info