berria.info

Asteartea, 2009ko urtarrilak 13.

Ezustekorik gabe amaitu da Xakeko Euskal Ligako lehen jardunaldia.

Iaz bezala, Gros-Iretza eta Naturgas-Sestao taldeak dira Liga irabazteko faboritoak, eta biak buruan daude.

Josu Tornay. DonostiA.

Zapatuan hasi zen 2009ko Euskal Liga, eta, Ohorezko Mailari dagokionez, historiako torneorik sendoenetakoa izango da -hamarna talde ariko dira Ohorezko Mailan eta Lehen Mailan-. Gros-Iretza da, berriz ere, liga bederatzigarrenez jarraian irabazteko faboritoa. Boris Gelfand izango da aurten ere haien 1. taula. Israeldarra munduko 15.a da, baina taldeko beste bi jokalari ere munduko 100 onenen artean daude: Bacrot frantziarra (21.a) eta Kasimdzhanov uzbekistandarra (42.a).

Hala ere, Grosek etxeko jokalariekin jokatzen du Euskal Liga, eta Espainiako eta Europako txapelketetan beharrezkoa denean bakarrik erabiltzen ditu fitxatutako jokalari onak. Lehen jardunaldian, esaterako, Batallaren aurka, Bauer egon zen lehen taulan eta etxeko Argandoņa, Gonzalez eta Muņoz besteetan. Batalla, Pasai Donibanekoa, talde sendoa da, baina puntu erdia bakarrik egin zuen lehen taulan. Pibe Alonsok berdindu egin zuen Bauer frantziarraren kontra.

Sestaok aurten ere talde zoragarria egin du. Spragettek ez dago taldean, baina Vachier-Lagrave frantziarra (munduko 33.a) eta Moiseenko ukrainarra (48.a) goi mailako jokalariak fitxatu ditu. Bizkaitarrek Romain, Conquest, Gomez eta Franco atera zituzten, eta 3,5 puntu egin zituzten. Arabako Subijanako Ruta de Europak ere 3,5 puntu egin zituen Zuri-Baltzaren aurka. Beste bi lehiak estuak izan ziren. Gasteizko San Viatorrek 3-1 gainditu zuen Bilboko Rey Ardid, eta Errenteriako Kultur Sustapenak 2-2 berdindu zuen Barakaldoren aurka.

############

SailkapenA.

1. JARDUNALDIA.

1. Ruta de Europa 3,5 puntu.

2. Gros-Iretza 3,5 pt.

3. Naturgas Sestao 3,5 pt.

4. San Viator 3 pt.

5. Kultur Sustapena 2 pt.

6. Barakaldo 2 pt.

7. Peņa Rey Ardid 1 pt.

8. Orvina 0,5 pt.

9. Batalla 0,5 pt.

10. Zuri Baltza 0,5 pt.

############

Š berria.info