
Astelehena, 2009ko martxoak 2.
Grosek gertu du txapela.
Donostiako taldeak 1-3 irabazi zion herenegun Sestaori, eta esku-eskura du
Euskal Liga lortzea.
Josu Tornay. Donostia.

Roberto Cifuentes Gros taldeko jokalaria. MONTSERRAT T. DIEZ/EFE.
Egundoko
ezusterik ezean, Gros-Iretza xake taldeak
bederatzigarren aldiz irabaziko du Euskal Liga. Donostiako taldeak txapela
eskuratzeko aurrerapauso ia erabakigarria eman zuen herenegun, Naturgas Energia-Sestao bigarren
sailkatuari 1-3 irabazi ondoren. Euskal Liga amaitzeko bi jardunaldi falta
direla, Gros-Iretzak bi puntuko aldea ateratzen dio Ruta de Europari, eta hiru puntu eta erdikoa Sestaori.
Azken urteotan
bezala, Grosen eta Sestaoren arteko norgehiagokaren zain zeuden Euskal Herriko xakezale guztiak. Bizkaiko taldea apur bat ahulago aritu
zen Ligan, eta puntu eta erdi atzetik zegoen sailkapenean. Horregatik
garrantzitsua zen Sestaorentzat herenegun Grosi irabaztea. Berdinketa parekatua
espero zen, eta zalantzan bazegoen ere Grosek bere izar guztiekin jokatu zuen.
Baina Sestaoko
laukoteak, iaz bezala, ezin izan zion buelta eman egoerari. Donostiarrek aise
irabazi zuten. Aurreneko bi buruz burukoetan berdinketak izan ziren: Alexander Moiseenko Sestaoko maisu handi ukrainarrak zuriekin
berdindu zuen Van Wely Groseko herbeheretarrarekin,
eta Edouard Romain Sestaoko
frantziarrak Hicham Hamdoutxi
Groseko marokoarrarekin. Hirugarren eta laugarren buruz burukoetan, ordea,
Groseko jokalariek norgehiagoka erabaki zuten, bi partidak irabazita. Pablo San
Segundo espainiarrak Mario Gomez santurtziarrari irabazi zion, eta Roberto Cifuentes txiletarrak Alejandro Franco espainiarrari.
Etxeko jokalariekin jokatzeko estrategia atzean utzi zuen Grosek herenegun.
Bestalde, Ruta de Europak 0-4 gainditu zuen Barakaldo, eta Sestao
aurreratu du sailkapenean. Arabarrak bigarren dira orain, 22 punturekin. Bi
azken txandetan Ruta de Europak Sestao eta Grosekin
jokatuko du. Horrek esan nahi du arabarrek titulua irabazteko aukera euren
eskuetan dutela.
Sailkapeneko
azken postuetan, berriz, Errenteriako Kultur Sustapenak eta Bilboko Rey Ardidek maila galdu dute, herenegun Santutxuko Zuri Baltzaren (2,5-1,5) eta Pasai Donibaneko Batallaren aurka galdu ondoren (0,5-3,5). Zuri-Baltzak oraindik mailari eusteko aukera du, baina,
horretarako, Gasteizko San Viator harrapatu beharko
luke sailkapenean. Hori zaila izango da, kontuan edukita bizkaitarrek datorren
txandan Sestaoren kontra jokatuko dutela.
Lehia estua Lehen Mailan.
Lehen Mailan,
berriz, Aretxabaletako Arlutzek 2,5-1,5 galdu zuen
herenegun Iruñean Oberenaren kontra, eta orain
Nafarroako taldea da lehena sailkapenean. Hala ere, nafarrak eta gipuzkoarrak
dira oraindik faborito nagusiak lehen bi sailkatuak izateko. Eurekin Ohorezko
Mailara igotzeko aukera gehien duen beste taldea Easo da, Sestao B eta Iruñeko Orvina B ezin baitira igo -taldea dute Ohorezko Mailan-.
Jaisteko ez borrokan, berriz, mailako ia talde guztiak daude, eta, ziurrenik,
azken jardunaldiko azken mugimendura arte ez da ezer erabakita geratuko. Lehia
gogorra, beraz, ziurtatuta dago.
############
Sailkapena.
EUSKAL LIGA.
1. Gros 24 puntu.
2.Ruta de Europa 22 puntu.
3. Sestao 20,5 puntu.
4. Orvina 17 puntu.
5. Batalla 13,5 puntu.
6. San Viator 11 puntu.
7. Barakaldo 10,5 puntu.
8. Zuri Baltza 9 puntu.
9. Kultur Sustapena 6,5 puntu.
10. Rey Ardid 6 puntu.
############
© berria.info