Asteazkena, 2009ko martxoak 18.

Grosentzat berriro txapela.

Donostiako xake taldeak iragarpenak bete ditu, eta bederatzigarrenez irabazi du Euskal Liga.

Josu Tornay. Donostia.

 

Iņigo Argandoņa Gros xake taldeko jokalaria. GARI GARAIALDE/ARGAZKI PRESS.

Euskal Ligako Ohorezko Mailako azken txandan Grosek puntu eta erdia lortu behar zuen garaipena ziurtatzeko. Beraz, argi zegoen bederatzigarren txapela irabaziko zuela. Titulua irabazteko pauso erraldoia eta ia behin betikoa zazpigarren txandan eman zuten donostiarrek, Sestao 1-3 gainditu ostean. Hala ere, azken txandan sestaoarrak saiatu ziren euren azken aukerak aprobetxatzen, eta 4-0 gainditu zuten Ruta de Europa. Baina Grosek 2,5 puntu bildu zituen Iruņeko Orvinaren kontrako lehian. Emaitza horiekin Sestao bi puntutara geratu da sailkapenean.

Grosek bi maisu handi aurkeztu zituen lehen tauletan -Hamdouchi marokoarra eta Bauer frantziarra-, eta atzealdean harrobiko bi jokalari -Argandoņa nazioarteko maisua eta Salterain gaztea-. Maisu handiek euren lana egin zuten, Rada eta Mindegiari irabazita. Argandoņak, berriz, berdindu egin zuen Rebolekin, eta Salterainek galdu egin zuen.

Sestaok oso talde sendoa aurkeztu zuen: Vachier-Lagrave eta Edouard frantziarrak, Gomez santurtziarra eta Franco espainiarra. Laurek irabazi zuten, baina bereziki ikusgarria izan zen Vachier-Lagraven gaztearen garaipena. Etorkizun handiko jokalaria da frantziarra -19 urterekin munduko 33.a da-, eta taula gainean erakutsi zuen.

Ruta de Europak hirugarren postuari eutsi zion, nahiz eta 4-0 galdu. Iruņeko Orvinak ere laugarren postua mantendu zuen, eta Pasai Donibaneko Batallak bosgarrena. Beheko postuetan jaitsiera saihesteko borrokan zeuden taldeek jardunaldi gogorra izan zuten. Barakaldo eta Gasteizko San Viator salbatu ziren. Santutxuko Zuri Baltza, Errenteriako Kultur Sustapena eta Bilboko Rey Ardid, berriz, Lehen Mailara jaitsi ziren.

Oberena, Arlutz eta Easo, gora.

Lehen Mailan ez zen ezusteko handirik izan: B taldeak nagusitu ziren. Txapelduna Sestao Naturgas B izan zen, eta txapeldunorde Orvina B. Hala ere, horien lehen taldeak Ohorezko Mailan egonda, hirugarrenak, laugarrenak eta bosgarrenak lortu dute mailaz igotzea: Oberena, Arlutz eta Easo. Eguzki-Urnietak, Gros Bk, Zarautzek eta Egidazuk, berriz, maila galdu dute.

############

Sailkapenak.

OHOREZKO MAILA.

1. Gros 30 puntu.

2. Sestao 28 puntu.

3. Ruta de Europa 22,5 puntu.

4. Orvina 21 puntu.

5. Batalla 18 puntu.

6. Barakaldo 14 puntu.

7. San Viator 14 puntu.

8. Zuri-Baltza 12 puntu.

9. Kultur Sustapena 10,5 puntu.

10. Rey Ardid 10 puntu.

 

LEHEN MAILA.

1. Sestao B 23 puntu.

2. Orvina B 22,5 puntu.

3. Oberena 21,5 puntu.

4. Arlutz 20 puntu.

5. Easo 19,5 puntu.

6. Abadiņo 16,5 puntu.

7. Eguzki-Urnieta 16,5 puntu.

8. Gros B 16 puntu.

9. Zarautz 13,5 puntu.

10. Egidazu 11 puntu.

############

Š berria.info