
Larunbata, 2009ko uztailak 25.
Euskal Selekzioaren
XI. eguna ospatuko da bihar, Pausuan.
Esaiten ekitaldiaren helburua Euskal Herriak selekzio
ofizialak izateko duen eskubidea aldarrikatzea da.
J. Eskudero.
Badira hamar urte ESAITek euskal selekzioaren aldeko
eguna antolatzen duela, eta bihar egingo dute hamaikagarren ekitaldia, Pausun
(Behobia gisa ere ezagutua; Irun eta Urruñako auzoa). Ekimenaren helburu
nagusia Euskal Herriak nazioartean bere selekzio propioak izateko duen
eskubidea aldarrikatzea da.
Urtero egun hau antolatzeko arrazoi nagusia «Espainiako
eta Frantziako Gobernuek Euskal Herriko selekzioari jartzen dizkioten oztopoak
eta errespetu falta alde batera utzi eta Euskal Herriak bere selekzio propioa
izateko duen eskubidea» aldarrikatzea da. Ez da hori, baina, ESAITeko kideek
aditzera eman nahi duten gauza bakarra. Izan ere, «Euskal Herrian ez dago kirol
egitura nazionalik, EAEko federazioak, Nafarroa Garaikoak eta Iparraldekoak ez baitute
elkarrekin lan egiten, eta Euskal Herria zazpi probintziaz osaturikoa izanik,
hiru federazio horien batasuna egitea» aldarrikatu nahi dute.
Bihar goizeko 10:30ean hasiko da jai giroa Pausun, eta
egun guztian hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da: Bertsolariak,
txalapartariak, herri kirolak, kontzertuak... Eguraldiaren aitzakiarik ez da
izango, eta ESAITek bertara gerturatzeko deia egin du, denen artean euskal
selekzioaren eskubideak aldarrikatzeko asmoz.
############
Egitaraua.
10:30. Selekzio egunaren hasiera, ikurrinaren igoerarekin. Txalapartariak eta
bertsolariak ariko dira.
11:00. Ekitaldi nagusia. Urruña eta Hendaiako herriko etxeetako ordezkariek eta
ESAITeko kideek hitz egingo dute.
11:30. Mutxikoak.
12:30. Herri kirolak.
14:00. Herri bazkaria Xaia ostatuan. Bazkarian herri kantak abestuko dira.
16:30. Haurrentzako jokoak.
17:30. Pilota partidak, esku-huskakoak eta palakoak.
19:00. Kontzertua CEL 3 Irlandako folk taldearekin.
############
© berria.info