Asteazkena, 2009ko abuztuak 5.

Erdia eginda, erdia falta.

ESAITek antolatutako mendi martxa Arrasatera iritsi da, eta harrera egin dio herriak, jai giroan.

Jon Eskudero.

ESAITek antolatutako meni martxako parte-hartzaileak, atzo, Arrasaten. IMANOL OTEGI/ARGAZKI PRESS.

«Ibilbidea edozeinek egiteko modukoa da, aurretik gutxieneko ariketa fisikoa eginez gero». Asier Ibaibarriaga ESAITeko kidearen hitzak dira, joan den larunbatean Iruñean mendi martxaren aurkezpenean esandakoak. Beroak, baina, zaildu egin ditu etapak. Halere, horrek ez ditu kikildu mendi martxako parte-hartzaileak, eta une gogorrak igarota, atzo Arrasatera iritsi ziren, ibilbidearen erdira hain zuzen ere. Horren aitzakian, ekitaldi mordoa antolatu zuen ESAITek, eta jai giroan igaro zuten eguna. 100 bat lagunez osaturiko talde bat iritsi zen Arrasatera, eta gehiago ere espero dira hurrengo egunetan: «Oso pozik gaude mendi martxa edukitzen ari den parte-hartzearekin, gero eta babes handiagoa daukagu», esan zuen atzo Ibaibarriagak. Gaur Bilbora bidean abiatuko dira, eta larunbatean iritsi.

Zegamatik irten ziren atzo goizean, eta Aizkorriko maldak pasa ostean, Urkulu urtegitik barrena, Bedoña auzotik iritsi ziren Arrasatera, 18:30ean. Fagor Elektronikako biribilgunean ongietorria egin zieten herritarrek, eta kalejira batekin sartu ziren guztiak herrira. Egun osoan elastikoak saltzeko postuak jarrita eduki zituen ESAITek, eta musika hotsa ere ez zen falta izan. Biteri plazan, euskal selekzioen aldeko testu bat irakurri zuten hainbat parte-hartzailek.

Eragile sozialek, kulturako kideek eta hainbat kirolarik hartu zuten hitza. Horiek, atxikimendua adierazi zioten euskal selekzioari. Ondoren, berriz, Udaleko arduradunak mintzatu ziren. Lehenik, parte-hartzaile guztiak hartu zituzten gogoan, eta bide berean jarraitzeko nabarmendu. Euskal selekzioa ere ez zuten ahaztu, eta oztopoak oztopo aurrera begiratu behar dela adierazi zuten. Ibiltari batek ere hitz egin zuen, eta lau egun hauetako anekdota eta esperientzia batzuk kontatu zituen. Mendi martxa utzi dutenak ere gogoan hartu zituen, eta Arrasateri esker ona adierazi zion egindako harreragatik, mendi martxako kide guztien partez. Azkenik, ESAITeko kideak mintzatu ziren; batez ere, Gabriel Falero Txiki: «Azken hamahiru urteak berdin-berdin pasatu ditugu, eta hainbat kritika jaso behar izan ditugu, Espainiako erregeak Athleticen eta Bartzelonaren arteko finalean egin zigun bezala. Halere, aurrera begira jarraituko dugu beti, eta euskal selekzioaren alde borrokatuko gara».

Bertso eta guzti.

Festa ez zen, baina, mintzaldi horiekin amaitu. Izan ere, gauean elkarrekin afaldu zuten mendi martxako kideek eta hainbat herritarrek, ibiltariak ez izanagatik. Afariaren ostean, gainera, Uxue Alberdik eta Julio Sotok bertso saio batez alaitu zituzten guztiak, hurrengo lau egunetarako indarrak emateko asmoz.

Bizkaiko lurretan sartuko da mendi martxa gaur, Elorriora helduko baita. Bihar, berriz, Dimaraino eta etzi Larrabetzuraino iritsiko da. Hala, larunbatean amaituko da, Bilbon, hirugarren eta azken ekitaldiarekin. Etorkizunari begira, baikor dira ESAITeko kideak, eta datorren urtean hamargarrenez antolatzeko asmo sendoa daukate: «Gero eta babes gehiago daukagu. Aurten hainbat alderdi politikoenak eta abar jaso ditugu, eta hori pozgarria da», esan zuen Falerok.

“Mendi martxaren parte-hartzearekin oso pozik gaude. Gero eta babes gehiago daukagu”.

ASIER IBAIBARRIAGA. 

ESAITeko kidea.

“Erraz ipini ez arren, aurrera begiratuko dugu eta euskal selekzioaren alde borrokatuko gara”.

GABRIEL FALERO.

ESAITeko kidea.

© berria.info