berria.info

Ostirala, 2009ko irailak 4.

Lehia beirazko kutxan.

Aronian, Gristxuk, Xirov eta Karjakin ariko dira lehian igandetik aurrera Bilbon, Xakeko Grand Slam-ean.

Josu Tornay. Donostia.

Jokalariak, lehian, beirazko kutxan, iaz Bilbon jokatu zen Grand Slam torneoan. MIGUEL TOŅA/EFE.

Xake torneorik ikusgarriena jokatuko dute Bilbon igandetik irailaren 12ra bitartean: Grand Slama. Iaz, sei jokalari izan ziren finalean, eta, aurten, bi gutxiago izango dira. Grand Slameko zirkuituko lau torneoko -Corus-Wijk aan Zeek (Herbehereak), Linares Hiria (Espainia), Mtel-Masters Sofia (Bulgaria) eta Nanjing Pearl Springs (Txina) -irabazleek hartuko dute parte. Lehenbizikoan Sergei Kariakin errusiarra nagusitu zen, bigarrenean Aleksander Gristxuk errusiarra, hirugarrenean Aleksei Xirov espainiarra eta, azkenekoan, Levon Aronian armeniarra. Azken proba horretan, Veselin Topalov bulgariarra nagusitu zen, baina ez da Bilbon ariko, sariak iazkoak baino txikiagoak direlako, eta Munduko Txapelketako finala ondo prestatu nahi duelako. Hala ere, Viswanathan Anand indiarraren kontrako buruz burukoa ez da apirila baino lehen jokatuko. Horregatik, Topaloven erabakia ez da xakezaleen oso gustukoa izan.

Bulgariarra egon ez arren, final polita eta kalitate handikoa izango da Bilbokoa. Alde batetik, edonoren eskura egongo da. Iaz bezala, isilarazitako eta aire girotutako beirazko kutxa batean jokatuko dute. Kutxak jende mordoa erakarri zuen iaz. Izan ere, edonork ahal zuen partidak zuzenean jarraitu eta jokalariak ikusi une oro. Horrez gain, partida guztiak Internetez jarraitu ahal izan ziren, eta Plaza Berrian beste ekintza batzuk antolatu ziren: zaleentzat, federatutako jokalarientzat, umeentzat...

Jokalariak pozik azaldu ziren iaz kutxarekin. Barrutik ez da kanpokoa ikusten, eta zarata ez da sartzen ere. Beraz, eurentzat joko areto arrunt baten jokatuko balute bezalakoa da ia. Sistema hori Bilbon baino lehenago Gasteizko supertorneoan erabili zen. Hala ere, han kutxa hotel bateko gela handi baten barruan zegoen. Bilbon, berriz, kalean bertan egongo da, Plaza Barriaren erdian. Gainera, adituak eta jokalari ezagunak izango dira ikusleekin partidak komentatzeko. Leontxo Garcia irundarrak izango du horren ardura.

Ikuskizuna guztiaren gainetik.

Torneoko arauak ere apur bat bereziak dira. Ikuskizuna izan behar da nagusi. Horretarako, jokalariek ezin dute berdinketa adostu, nahiz eta posizioa berdinketa hutsa izan. Beraz, bietako batek uste badu partida jada berdinketa egoerara heldu dela, epailearekin hitz egin beharko du horrek berdinketa adierazteko edo ez. Sofiako araua deitzen deitzen zaio horri, eta helburua argia da: partidak luzatzea eta denetan borroka egotea. Azken finean, epaileak oso ziur egon behar du berdinketa adierazteko. Bilboko araua ere erabiliko da. Beraz, iaz bezala, irabazteak hiru puntu balioko du, berdintzeak bat eta galtzeak batere ez.

Bi itzulitara jokatuko dute txapelketa -hilaren 9a atseden eguna izango da-, eta jokalariek ordu eta erdi izango dute lehen 40 jokaldiak egiteko. Horren ostean, bakoitzak ordubete izango du jokaldi guztiak egiteko, eta hamar segundo irabaziko ditu jokaldi bakoitzeko. 17:00etan hasiko dira partidak, eta 21:00-21:30 aldera amaituko dira. Halere, ez litzateke harritzekoa izango partiden bat 22:00 baino beranduago amaitzea. Azken txandako partidak 16:00etan jokatuko dira.

############

Parte-hartzaileak.

LEVON ARONIAN.

Herrialdea. Armenia.

Adina. 26 urte.

Eloa. 2.773 (Maisu Handia).

Munduko sailkapena. 3.a.

ALEKSANDER GRISTXUK.

Herrialdea. Errusia.

Adina. 26 urte.

Eloa. 2.733 (Maisu Handia).

Munduko sailkapena. 17.a.

ALEKSEI XIROV.

Herrialdea. Espainia.

Adina. 37 urte.

Eloa. 2.729 (Maisu Handia)

Munduko sailkapena. 18.a.

SERGEI KARIAKIN.

Herrialdea. Errusia.

Adina. 19 urte.

Eloa. 2.722 (Maisu Handia).

Munduko sailkapena. 20.a.

############

Š berria.info