
Asteartea, 2009ko
irailak 15.
Aronian munduko bigarren
postura asko hurbildu da.
Bilboko Grand Slama irabazi du
bikain arituta, baina alferrik galdu du Anand
gainditzeko aukera.
Josu Tornay. Donostia.

Levon Aronian, Grand Slameko
garaikurrarekin. BERRIA.
Amaitu da Bilbon Grand Slameko
finala. Aronian zen faboritoa hasieratik, eta
iragarritakoa bete da. Armeniarrak 26 urte dauzka, munduko sailkapeneko
hirugarren dago, 2.773 elo puntu dauzka Bilbon
nagusitu ostean, eta bigarren postutik oso hurbil jarri da. Hori da, hain
zuzen, Bilbon alferrik galdu zuen aukera. Azken partidan, torneoa jada
irabazita zeukanean, Karjakin gaindituz gero Anand indiarra gainditzeko aukera zeukan; munduko sailkapen
orokorrean bigarren jarriko zen horrela, Topaloven
atzetik, baina berdinketarekin konformatu behar izan zuen.
Duela pare bat urtetik ari zen Aronian
ondo, eta orain ez dago zalantzarik: Zeresana emango du munduko txapelketako
sailkapeneko hurrengo zikloetan. Hori bai: Carlsen, Kramnik eta Leko gertu ditu FIDE
zerrendetan, baina Aronianen bilakaera eta grina
bereziak dira. 26 urterekin, dagoeneko Linaresen eta Wij
aan Zeen (birritan)
nagusitu da, eta orain Grand Slameko finala irabazi
du. Gainera, haren joko ikusgarria zaleen eta antolatzaileen gustukoa da beti.
Aronianek oso torneo ona jokatu du, eta txapelduna zen azken txanda jokatu baino
lehenago. Hala ere, azken txandan Karjakin
gainditzeak sari berezia zuen armeniarrarentzat: FIDEko
zerrendako bigarren postua. Beltzekin jokatu zuen Aronianek,
eta irekitze espainolean sartu zen. Karjakinek ez
zuen ezustekorik nahi, eta aldaketako bariantea aukeratu zuen. Karjakinek ere berrikuntza bat sartu zuen bariante
horretan, eta Aronianek malgutasuna mantentzea aukeratu
zuen. Estrategia horrekin, nahiko posizio ona lortu zuen partida bukaeran,
baina ez zuen aurkitu errematatzeko biderik onena, eta, azkenean, berdinketa
onartu behar izan zuen. Azken jardunaldiko beste partidan, Grischukek
lehiakortasun handia erakutsi zuen. Nahiz eta egoera zailean egon -posizioz eta
denboraz-, odol hotza mantendu zuen, ondo defendatu, eta azkenean erasotzeko
gai izan zen. Shirovek ondo defendatu zuen posizioa,
eta berdinduta amaitu zen partida hori ere. Horrela, Grischuk
errusiarrak bigarren postuari eutsi zion, eta Shirov
ez zen azken lekutik mugitu.
Torneo osoan horrela ibili dira jokalariak txanda
bakoitzean. Partida onak izan dira denak, lehiatuak. Bilboko Plaza Barrian ipinitako kristalak hori dena ikusten utzi die
zaleei, eta ikusle aldetik arrakasta itzela izan da. Torneo nagusiarekin batera
antolatutako beste ekintzetan ere jende askok parte hartu du. Antolatzaileak
eta babesleak pozik agertu dira, eta berriro finala Bilbon edukitzea eskatuko
dutela gehitu dute.
Etsigarriena Shiroven jokaera
izan da. Haren jokoa ez da izan betikoa, eta ez du eman jendeak harengandik
espero zuena. 37 urte dauzka, eta atzean geratu dira haren momentu onenak.
Munduko hemezortzigarrena da, baina jokalari gazteen kontra gehiago egitea ez
da erraza. Bestalde, Karjakinek, Grischukek
eta, batez ere, Aronianek erakutsi dute, Carlsonekin batera, prest daudela Kasparoven
ondorengo belaunaldi guztia gainditzeko.
© berria.info