Ostirala, 2009ko azaroak 6.

Europarako sailkatu nahi du Gros xake taldeak asteburuan.

Linex-Magic, Kasparov-Markote eta Sabadell izango ditu aurkari Espainiako Txapelketako finalean.

Josu Tornay. Donostia.

Asteburuan jokatuko da Espainiako Ohorezko Mailako Xake Txapelketako Lauko Finala, Linaresen (Espainia). Izenak dioen bezala, Ligako lau talde onenak ariko dira, tartean Gros Donostiako taldea. Linex-Magic (Espainia), Kasparov-Markote (Galizia) eta Sabadell (Herrialde Katalanak) dira beste hiru taldeak.

Espainiako Txapelketa irabaztea arrakasta handia izango litzateke Grosentzat, Europako txapelketa garrantzitsuenetako bat baita. Halere, finaleko lehen hiru postuetako batean sailkatzeak ere saria dauka: Europako Txapelketarako txartela. Lauko finala gogorra izango da, talde guztiek maila altuko fitxaketak dauzkatelako. Grosek, hala ere, ez du edukiko taldeko izar handia: Boris Gelfand. Maisu handi israeldarra munduko zazpigarrena da egun, baina Moskun jokatuko den Mijail Tahlen Oroimenezko torneoan parte hartzen ari da, eta ezin izango da egon Linaresen. Hala ere, donostiarrek Etienne Bacrot, Rustam Kasimdzhanov, Loek Van Wely, Christian Bauer, Hicham Hamdouchi, Pablo San Segundo, Roberto Cifuentes, Santi Gonzalez, Iņigo Argandoņa, Patxi Gallego eta Ivan Muņoz izango dituzte taldean.

Bacrot frantziarra eta Kasimdzhanov uzbekistandarra onenen artean daude. Bestalde, Van Wely, Bauer, Hamdouchi, San Segundo eta Cifuentes maisu handiak dira, eta euren eraginkortasuna Ligan ondo baino hobeto erakutsi dute. Euskal jokalariei dagokienez, Gonzalez eta Argandoņa gazteek ere, ordezko moduan, izango dute aukera partidaren bat jokatzeko. Gallego irundarra eta Muņoz donostiarra ere taldean daude, ordezko.

Maila handiko txapelketa.

Beste taldeen artean faborito nagusiak Linex-Magic eta Kasparov-Markote dira. Lehenak Gashimov, Mamediarov eta Vallejo ditu izar ezagunenak, eta bigarrenak Ponomariov, Xirov, Adams eta Sargissian. Finaleko talde ahulena Sabadell da. Hori bai, kataluniarrek bakarrik etxeko jokalariekin aritzen dira, eta horrek meritu handia dauka.

Š berria.info