berria.info

Osteguna, 2009ko azaroak 19.

Euskal kirolariek ekitaldia egingo dute abenduaren 27an.

Donostiako Belodromoan egingo den KirolHarria izeneko ekitaldian parte hartzeko deia egin dute.

Julen Etxeberria. Donostia.

Aitor Esnaola, Oskar Astarloa, Gorka Karapeto, Axier Muniain, Josune Gorostidi, Lore Eizagirre, Lurdes Intxausti eta Oier Mendizabal, atzo. J. U./ARP.

Euskal Herriko kirolariek elkarrekin bildu nahi dute, azken urteetan Gabonetan jasotako babesa baliatu eta «urrats zehatzak» ematen jarraitzeko. «Kirol munduaz gozatu eta Euskal Herria aintzat hartzen dugun guztioi, elkartzeko beharra sortu zaigu. Elkarren berri izan eta norabide berean antolatzeko deia zabaltzen ari gara. Honela, bide berri bat hasi eta aukera berriak zabaltzeko». Eta bide horretan lehen harria datorren abenduaren 27an jarri nahi dute, 17:30ean KirolHarria izenarekin Donostiako Belodromoan egingo duten ekitaldian.

Atzo egin zuten ekitaldian parte hartzeko deia, bai kirolariei, bai «euskal sentimendua» duten guztiei. Hainbat kirolari izan ziren aurkezpenean, ekimenari babesa emanez: Iñaki Perurena harrijasotzailea, Oier Mendizabal pilotaria, Gorka Karapeto eskalatzailea, Oskar Astarloa errugbi jokalaria, Aitor Esnaola segalaria, Zigor Iturrieta mendi lasterkaria, Axier Muniain eta Lore Eizagirre surflariak eta Lurdes Intxausti eta Josune Gorostidi trontzalariak.

Euskal Herriko kirolarientzat apropos egindako ekitaldia izango dela nabarmendu zuten. «Lehen aldia izango da zazpi lurraldeetako euskal kirolariok elkartu, eta gure kabuz, guk antolatuko dugun zerbait egiten dugula. Gure gustukoa, gure neurrikoa eta gure beharretarako».

Deitzaileek argi utzi nahi izan zuten ekitaldia «aparteko ekimena» dela, eta ez duela zerikusirik futbol selekzioaren partidaren inguruko eztabaidarekin. Gaiaz galdetuta, ez zuten argibiderik eman nahi izan.

Data gerturatu ahala emango dute egitarauaren berri. Kirol jaia izanik, kirola izango da protagonista, baina musikari, bertsolari, antzezle eta kide ugari jaialdiarekin bat egiten ari direla jakinarazi zuten. Deitzaileen arabera, «bertaratutako diren guztiek «gogoan geratuko» zaizkien hainbat une bizi ahal izango dituzte.

© berria.info