berria.info

Asteartea, 2009ko abenduak 8.

Lehen harria jartzera doaz.

Euskal Herria ofizialki ordezkatuz eta «euskal herritar gisara» kirola egiteko eskubidea izatea aldarrikatu dute kirolariek.

Abenduaren 27an Donostiako Belodromoan 'Kirolharria' ekitaldia antolatu dute.

Julen Nafarrate. Durango.

‘Euskal Herriko kirolariak’ ekimeneko hainbat kide, atzo Durangon egin zuten agerraldian. JON HERNAEZ/ARGAZKI PRESS.

«Elkarrekin bide berri bat hastera goaz». Zazpi euskal lurraldeetako kirolariak bat egin eta bide berean urratsak emateko prest agertu dira. Helburua: euskal herritar gisara kirola egiteko aukera izatea, inolako oztoporik gabe. Konpromiso horri helduta, agerraldia egin zuten atzo Durangon (Bizkaia) 50 bat kirolarik, atxikimendua eman duten kirolari guztien izenean.

«Euskal Herria aintzat hartu eta sentimendu horri uko egin gabe kirola egin ahal izatea lortu nahi dugu, ez besterik», adierazi zuten bozeramaile lanetan ibili ziren Mikren Urkiola harri-jasotzaileak eta Mikel Troitiño surflariak. Han izan ziren, besteak beste, Mikel Aranburu futbolaria eta Iñaki Errasti arraunlaria ere.

Txirrindulariek, futbolariek, herri kiroletako ordezkariek, pilotariek... kirol ugaritako ordezkariek batera aritzearen beharra nabarmendu nahi izan dute, «elkarren babesean, elkar ulertuz, bide berriak landu eta aukera berriak zabaltzeko» asmoz. Horretarako, «euskal herritar sentimendua» duten kirolariei dei egin nahi diete, denon artean batera aritzeko eta indarrak metatzeko: «Ideia nagusi hauekin ados gauden euskal kirolariok bide berean arraun egiten hastea pauso handia litzateke». Izan ere, euskal kirolariek beren beharrizanak kontuan hartuz, beren kabuz antolatzeko asmoa iragarri dute.

Kirolariek egindako hausnarketaren ondorioz, hiru aldarrikapen nagusi biltzen dituen agiria plazaratu dute. Agirian, «euskal herritar gisara» kirola egiteko aukera aitortzea eskatu dute kirolariek. Bigarrenik, nazioartean Euskal Herria ofizialki ordezkatzeko eskubidea izatea aldarrikatu dute, bakarka zein taldeka. Eta hirugarrenik, aurreko bi aldarrikapenak posible egingo dituen tresna bat sortzea eskatu dute kirolariek, eta tresna hori sortzen saiatzeko borondatea agertu dute.

Atzo, Durangoko prentsaurrekoan 50 kirolari bildu baziren ere, agiriak, oraingoz, Euskal Herri osoko 1200 kirolariren baino gehiagoren atxikimendua jaso du. Oraindik aldarriari babesa eskaini ez dioten kirolariei dei egin diete kirolariek. Euskal Herriko Kirolarien webgunean atxikimendua emateko aukera dute.

27an, «lehen mugarria».

Bidearen helmuga zein den jakinda, bidean urrats zehatzak emateko prest agertu dira kirolariak. Lehenengo «mugarria» abenduaren 27an izango da, arratsaldeko 17:30ean Donostiako Belodromoan. Egun horretarako Kirolharria izeneko ekitaldia antolatu dute. Izenak dioen moduan, «kirola» eta «herria» lotu nahi dute Belodromoan, eta euskal gizarteari ekitaldian parte hartzeko deia luzatu diote, «zuzenean ibilbide honen hasieran parte izan dadin».

Egitarauaren protagonista nagusia kirola bera izango bada ere, musikariak, bertsolariak eta antzezleak ere izango dira, besteak beste. Kirolariek aditzera eman nahi izan dutenez, ekitaldia oso garrantzitsua izango da, aitzindaria izango delako Euskal Herrian: «Aurreneko aldia izango da zazpi lurraldeetako euskal kirolariok elkartu, eta gure kabuz, guk antolatuko dugun zerbait egiten dugula».

############

Agiria.

1. Kirola egiterakoan, Euskal Herria aintzat hartuz, euskal herritar gisara aritzeko aukera izatea.

2. Nazioartean, bakarka edo taldeka, geure herria (Euskal Herria) ofizialki ordezkatuz parte hartzeko aukera izatea.

3. Honetarako, zazpi euskal lurraldeetako kirolariok barne-bilduko gaituen tresna baten beharra aitortzea. Eta hura sortzen saiatzeko gure borondatea.

4. Aurrez aipatutako ideiekin bat egiten dugun kirolariok bildu, indarrak metatu eta elkarrekin bide berri bat hastera goaz (hasi dugu), Donostiako Belodromoan antolatuko dugun KIROLHARRIA deitu diogun ekitaldian. Eta dei egiten diogu euskal jendarteari bertara azaltzeko.

############

############

Atxikimenduak.

1.289.

Futbola. Iñigo Velez (Numantzia), Arrate Orueta (Athletic), Aitziber Juaristi (Athletic), Koikili Lertxundi (Athletic), Mikel Aranburu (Reala), Dani Estrada (Reala), Iosu Sarriegi (Panathinaikos), Gaizka Garitano.

Errugbia. Garazi Ibarluzea (Uribealdea), Aratz Gallastegi (Durango), Ainara Letona (Eibar).

Txirrindularitza. Haimar Zubeldia (Astana), Markel Irizar (Euskaltel), Gorka Beloki.

Pilota. Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea, Asier Berasaluze, Xabier Galarza.

Eskalada. Patxi Usobiaga, Gorka Karapeto, Ander Agirre, Iker Arroitajauregi, Iñaki Marco, Jon Beñat Agirre.

Arrauna. Xabier Bereziartua (Castro), Iñaki Errasti (Kaiku), Gonzalo Carrion (Hondarribia), Ane Ibarra (Arkote).

Eskubaloia. Patri Pinedo (Itxako), Unai Arrieta (La Rioja).

############

Atxikimenduen zerrenda osoa ikusi nahi duenak bisitatu webgune hau: “www.euskalherrikokirolariak.org”.

© berria.info

Xakea. Joseba Otano Villanueva (Arrano Elkartea), Egoitz Irure Crespo (Anaitasuna Kakute), Xabier Urresti Ortiz (Landetxa), Jon Esturo, Iñaki Arrizabalaga, Axier Ibaibarriaga, Felix Izeta Txabarri (Gros),