
Ostirala, 2009ko abenduak 18.
Abenduaren 27an Donostian Anoetako belodromoan eginen
duten ekitaldia aurkeztu dute Euskal Herriko Kirolariek.
Euskal kirolariak bilduko dituen egitura sortzeko
«abiapuntua» izatea nahi dute.
Mikel Rodriguez. Donostia.

Kirol Haerria ekitaldiko antolatzaileak eta euskal
kirolarietako batzuk, atzoko aurkezpen ekitaldian. IMANOL OTEGI/ARGAZKI PRESS.
«Kirol Haerria izena jarri diogu
ekitaldiari; hor dago mamia». Horrela deskribatu zuen atzo Mikel Troitiño
surflariak Euskal Herriko Kirolariek antolatu duten ekitaldiaren izaera. Haerria
solasa asmatu dute horretarako, harria eta herria bateratzen
dituena. Euskal kirolariek herri gisa agertzeko duten nahiaren sinbolo bihurtu
dute harria.
Kirol Haerriaren aurkezpena egin zuten atzo Euskal
Herriko Kirolariek, ospatuko den tokian bertan: Donostiako Anoeta Belodromoan.
Eguberrietan izanen da, hilaren 27an, igandean (18:00). Sarrera doan izanen da.
Troitiño Kirol Haerriaren arduradunak eta Eneko Olasagasti zuzendariak
egitarauari eta ekitaldiaren izaerari buruzko xehetasunak eman zituzten. Euskal
kirolarien aldetik atxikimendu zabala izan duela adierazi zuten, «1.800
inguru», eta haietako batzuk ondoan izan zituzten atzo: Aimar Irigoien, Joseba
Ostolaza eta Telleria harri-jasotzaileak, Mikel Orbañanos, Arkaitz Goñi eta
Imanol Mujika Hondarribiko arraunlariak, Irati Anda eta Gorka Karapeto
eskalatzaileak eta Felix Izeta xake jokalaria. Kirolariekin batera, Amets
Arzallus bertsolaria eta Arritxu Iribar irrati esataria ere bertan egon ziren.
«Kirolariek antolatua».
Ekitaldiaren nondik norakoak azaltzerakoan, «kirolariek
beraiek antolatu» dutela nabarmendu zuen Troitiñok. Arratsaldeko seietan
hasita, «bi orduz» zer ikusia izanen du Anoetara bertaratzen denak.
Harri-jasotzeak protagonismo berezia izanen du. Koldobika
Jauregi eskultoreak harri berezia egin du, eta ekitaldiaren ikur bilakatu dute.
Harri hori bera altxatuko dute harri-jasotzaileek. «Ekitaldiko momenturik
sinbolikoena izango da», aurreratu zuen Olasagastik. Harri-jasotzaileen
aldetik, ekitaldia eginen dela-eta Irigoien pozik agertu zen: «Euskal kirolak,
gainerako gauza askok bezalaxe, bere tartea behar du, eta garrantzitsua da
halakoak egitea. Gero eta gehiago ari gara elkartzen, eta ea gauza politak
egiteko aukera daukagun».
Unerik «ikusgarriena», berriz, eskalatzaileek eskainiko
dutena izan daitekeela erran zuen Troitiñok. Irati Andak eta Gorka Karapetok
belodromoaren egitura eskalatuko dute. Andak, hain zuzen ere, Kirol Haerriaren
garrantzia azpimarratu zuen: «Kirolariok dugu interesik gehien honetan, zer
nahi dugun eta munduaren aurrean zer nortasun erakutsi nahi dugun adierazteko».
Garai batean Euskadiko Sei Orduetan bezala, Kirol
Haerrian arrauna belodromora itzuliko da. Ergometroarekin lehia «ederra»
ikusiko dugula aurreikusi zuen Troitiñok. Hondarribiko entrenatzaile
Orbañanosek, berriz, Anoetan euskal kirolari «bultzakada» bat eman nahi diotela
erran zuen, eta ekitaldi «on» bat izan dadila opatu.
Harri-jasotzeak, eskaladak eta arraunak protagonismoa
izanen badute ere, egitarau plurala prestatu dute Euskal Herriko Kirolariek.
Adibidez, xakeaz gozatzeko aukera egonen da: buruz buruko lehiak, eta
ekitaldiak irauten duen bitartean aldi bereko partidak eginen dituzte.
Bertzalde, trontzalariak, aizkolariak eta sokatiralariak izanen dira, kick
boxing eta trial erakustaldiak...
Dena ez da kirola izanen, ordea. Euskal Herriko
Bertsolari Txapelketako zortzi finalistek abestuko dute, eta Oreka TXren
txalaparta doinuek hainbat probatan lagunduko dituzte kirolariak.
Kirol Haerria, «abiapuntua».
Kirol Haerria jai giroan ospatuko bada ere, gibeletik
aldarrikapena duen ekitaldia izanen da. Horregatik, Troitiñok erran zuen
«abiapuntua» izan behar duela. «Hau egin eta ez da hemen bukatuko. Asmoa
hemendik aurrera Euskal Herriko kirolariak bilduko gaituen egitura sortzea da,
herri mailan dauzkagun grinak aurrera eramateko».
Asmo horren oinarrian, Euskal Herriko Kirolariek
adostutako hiru helburuak daudela oroitarazi zuen: Euskal Herria aintzat
hartzea, nazioartean euskal herritar gisa lehiatu ahal izatea eta zazpi
lurraldeetako kirolariak bilduko dituen egitura sortzea.
Azkenik, aldarrikapen horiek indartzeko, Troitiñok
nabarmendu zuen oso garrantzitsua dela «jendeari» helaraztea eta babesa
bilatzea.
############
Helburuak.
1 Kirola egiterakoan, Euskal Herria aintzat hartuz, euskal herritar gisara
aritzeko aukera izatea.
2 Nazioartean, bakarka edo taldeka, Euskal Herria ofizialki ordezkatuz parte
hartzeko aukera izatea.
3 Lehenbiziko bi helburuak lortzeko, zazpi euskal lurraldeetako kirolariak
bilduko dituen tresna baten beharra aitortzea, eta hori sortzen saiatzeko
kirolarien borondatea azaltzea.
############
############
Egitaraua.
Harri-jasotzea. Koldobika Jauregi eskultoreak ekitaldirako prestatutako harria altxako
dute.
Arrauna. Ergometroko lehia eginen
dute.
Eskalada. Irati Andak eta Gorka
Karapetok belodromoko egitura eskalatuko dute.
Xakea. Buruz buruko lehiak
egonen dira ikusgai; horretaz gain, aldi bereko partidak eginen dituzte
ekitaldiak irauten duen bitartean.
Bertsolariak. BECeko finalistek abestuko dute.
Musika. Oreka TXren txalaparta
doinuak lagun izango dituzte kirolariek.
Erakustaldiak. Kick boxinga, triala...
############
############
Erreakzioak.
Mikel Troitiño.
Kirol Haerriaren arduraduna.
«Kirol Haerriak abiapuntua izan behar du; hori egin eta
ez da hemen bukatuko. Asmoa hemendik aurrera Euskal Herriko kirolariak bilduko
gaituen egitura sortzea da, herri mailan dauzkagun grinak aurrera eramateko».
«Gogorarazi behar da ekitaldia kirolariek beraiek antolatu dutela».
Irati Anda.
Eskalatzailea.
«Kirolariok dugu interesik gehien honetan, zer nahi dugun
eta munduaren aurrean zer nortasun erakutsi nahi dugun adierazteko».
Aimar Irigoien.
Harri-jasotzailea.
«Euskal kirolak, beste gauza askok bezalaxe, bere tartea
behar du, eta garrantzitsua da halakoak egitea. Gero eta gehiago ari gara
elkartzen, eta ea gauza politak egiteko aukera daukagun».
############
© berria.info