_archivos/image001.gif)
Igandea, 2009ko abenduak 20.
Mikel Huerga nafarrak irabazi du Elgoibarko
xake torneoa.
Garaipena lortu ez ezik, Maisu Handiko hirugarren norma
ere eskuratu du jokalari iruindarrak.
Josu Tornay. Donostia.
Mikel Huerga xake maisu iruindarrak ezustekoan irabazi
zuen hilaren 10etik 17ra jokatutako Elgoibarko torneoa. Huergaren garaipena
ustekabekotzat jo daiteke, hura baino izen handiagoko jokalariak aritu
baitziren Elgoibarren, baina azken urteotan Huergak izan duen ibilbidea
ikusita, horrelako zerbait gertatu beharra zeukan. Nafarraren lan bikainak,
gainera, sari bikoitza izan zuen, garaipena lortu ez ezik, Maisu Handia izateko
norma guztiak ere lortu baitzituen. Beraz, Felix Izeta erretiratu zenetik Txelu
Fernandez eta Mario Gomez Euskal Herriko Maisu Handi bakarrak izan direnei
Huerga gehituko zaie aurki. Horretarako, 2500 elo puntuko muga gainditu behar
du.
Torneoko faborito handia Oleg Korneev Maisu Handia zen.
Errusiarra munduko zerrendetan goialdean ibili da azken hamar urteotan, eta
hainbat aldiz nagusitu da Elgoibarren. Azken txandan errusiarrak nagusitzeko
aukera zeukan, baina horretarako Alejandro Franco nazioarteko maisua gainditu
behar zuen. Hori ez zen gertatu espainiarraren lan onari esker eta berdinketan
bukatu zen buruz burukoa. Bestalde, Huergak ez zuen arriskatu, eta Maisu
Handiko berdinketa bizkorra eskaini zion David Lariño galiziarrari. Horrek
torneoko garaipenaren txapela eman zion Huergari.
Huergak oso ziur jokatu du Elgoibarren. Zazpigarren
txandara arte Nazioarteko Maisu guztiak gainditu zituen, eta Maisu Handiekin
berdindu. Azken bi txandetan bakarrik, ikusita puntu bat behar zuela norma
lortzeko, Astasio FIDE maisuari eta Lariñori berdinketa eskaini zien. Torneoko
beste euskal jokalaria, David Astasio arabarra, azkena izan da. Estreinakoa
zuen maila horretako torneo batean.
############
Sailkapena.
ELGOIBARKO TORNEOA.
1. Mikel Huerga (Euskal Herria) 6 puntu.
2. Oleg Korneev (Errusia) 6 pt.
3. Dragan Paunovic (Serbia) 5,5 pt.
4. Azer Mirzoev (Azerbaijan) 5,5 pt.
5. Zenon Franco (Paraguai) 5,5 pt.
############
© berria.info