Osteguna, 2009ko abenduak 24.

 

Selekzioaren partidatik «haratago» joateko ordua.

Zenbait alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragilek bat egin dute ESAITen aldarrikapenarekin.

Mikel Rodriguez. Donostia.

ESAITeko kideak, eta alderdi politikoetako, sindikatuetako eta gizarte eragileetako ordezkariak, atzoko agerraldian, Donostian. GARI GARAIALDE/ARGAZKI PRESS.

«Abenduko selekzioaren partidatik haratago joateko proposamena dugu esku artean, eta horren aldeko apustu garbi eta zintzoa egiten dugu, nazio baten aldeko oinarri sendoak bide hortatik sor daitezkeelako». Aldarrikapen hori egin zuen Itziar Arratibelek, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko kideak. Donostiako Kirol Etxean prentsaurrekoa eman zuen ESAITek atzo, eta, bertan, zenbait alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragilek euren atxikimendua adierazi zioten. Alderdi politikoen aldetik, Alternatibako, Aralarko, Batasunako, Eusko Alkartasunako eta EHA Euskal Herriaren Aldeko ordezkariak egon ziren; sindikatuen aldetik, EHNE, LAB eta Hirukoak; eta gizarte eragileen aldetik, Anitzak, Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE), Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Elkartzen eta Garaipen Gernika Batzordekoak.

Euskal herritarrek «ukazio eta diskriminazio sistematikoa pairatzen» dutela salatu zuen Arratibelek, eta «horren isla abenduko futbol partida bada ere, diskriminazio hori urte osoan eta kirol guztietan» jasaten dutela zehaztu.

Alderdien, sindikatuen eta gizarte eragileen izenean, Ixabel Etxeberriak, EHAko kideak, ESAITen aldarrikapenei eman dieten atxikimenduaren berri eman zuen. Selekzioak «herri osoaren nortasun adierazle garrantzitsuak» direla nabarmendu zuen, eta, hortaz, ez direla «kirolarien erronka soilik, baizik eta herri osoarena». Horregatik, euskal selekzioen alde lan egiteko «kirol batzorde iraunkor eta ireki baten sorrera» beharrezkotzat jo zuen Etxeberriak, «argi» utziz, «batzorde horren gidaritza kirol arloko eragileei dagokiela».

Horren harira, bai Arratibelek bai Etxeberriak, «urrats oso garrantzitsutzat» baloratu zuten Euskal Herriko Kirolariek egitura propio bat aldarrikatzeko aitzinera daramaten ekimena. Arratibelek jakinarazi zuenez, ESAITek bat egin du heldu den igandean, hilaren 27an, Donostiako Belodromoan antolatu duten ekitaldiarekin, eta bertan egoteko «konpromisoa» hartu du.

Azkenik, agerraldiaren bukaeran, Martxel Toledo ESAITeko kideak kritikatu zuen Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariaren jarrera: «Kargua hartu zuenetik, adierazpen oso larriak egin ditu, esanez berari egungo markoaren barrenean jokatzea dagokiola». Ofizialtasunaren alde egiteko «borondate» falta egotzi zion Toledok, eta «herri honen gehiengoak nahi duena» errespetatzeko eskatu zion.

“Euskal herritarrok ukazio eta diskriminazio sistematikoa pairatzen dugu”.

ITZIAR ARRATIBEL.

ESAITeko kidea.

“Kirol batzorde iraunkor eta ireki bat sortzea beharrezkotzat jotzen dugu”.

IXABEL ETXEBERRIA.

Euskal Herriaren Aldeko kidea.

© berria.info