berria.info

Igandea, 2009ko abenduak 27.

 

Aldarrikapena, festa bat eginez.

'Kirol haerria' ekitaldia egingo dute gaur Euskal Herriko kirolariek Donostiako belodromoan.

Euskal herritar gisara kirola egiteko eskubidea aldarrikatzen dute.

Igor Susaeta.

Koldobika Jauregi eskultoreak egin du ekitaldirako harria, ikur bilakatuko dutena. IMANOL OTEGI/ARGAZKI PRESS.

Euskal Herria aintzat hartzea nahi dute Euskal Herriko kirolari askok eta askok. Eta nazioartean bakarka nahiz taldeka diren bezala, euskal herritar gisa, aritzeko aukera eskatzen dute. Hori dela eta, Euskal Herriko Kirolarien ekimenak Kirol haerria ekitaldia antolatu du. Donostiako belodromoan izango da, gaur, eta kirolariek zein bertaratzen direnek euren eskubideak aldarrikatuko dituzte, festa giroan (18:00). Sarrera doakoa da, Arritxu Iribar eta Xabier Usabiaga kazetariak izango dira aurkezleak, eta pare bat orduko iraupena edukiko du, gutxi gorabehera.

Herri gisa agertu nahi dute euskal kirolariek, eta harria da, hain zuzen ere, nahi horren ikurra. Koldobika Jauregi eskultoreak harri bat propio egin du gaurko ekitaldirako. Antolatzaileen eta kirolarien esanetan, Kirol haerria «mugarria, abiapuntua» da. «Hau egin eta ez da hemen bukatuko. Gure asmoa hemendik aurrera Euskal Herriko kirolariok bilduko gaituen egitura sortzea da, herri mailan dauzkagun grinak aurrera eraman ahal izateko», nabarmendu zuen Mikel Troitiño surflariak abenduaren 17an, ekitaldia aurkeztu zuten egunean.

Hamar egun lehenago, berriz, «euskal herritar gisara» kirola egiteko eskubidea aldarrikatu zuten kirolariek Durangon (Bizkaia). Orduan ekimenak adostutako hiru helburuak plazaratu zituzten. Batetik, Euskal Herria aintzat hartzea. Bestetik, nazioartean euskal herritar gisa lehiatu ahal izatea. Eta, azkenik, zazpi lurraldeetako kirolariek bilduko dituen egitura sortzea. Ezinbestekotzat jo zuten «elkarren babesean» eta «elkar ulertuz» lan egitea, «bide berriak landuz aukera berriak zabaltzeko». Horretarako, «euskal herritar sentimendua» duten kirolariei dei egin diete. «Ideia nagusi hauekin ados gauden euskal kirolariok bide berean arraun egitea pauso handia litzateke», adierazi zuten Durangon Euskal Herriko Kirolarien ekimeneko kideek. Hala, beren beharrizanak kontuan hartuz, beren kabuz antolatzeko asmoa azaldu dute euskal kirolariek. Gaurdaino, Euskal Herri osoko 2.139 kirolariren atxikimendua jaso du ekimenak. Oraindik babesa eman ez dioten kirolariei dei egin diete ekimenaren bultzatzaileek. www.euskalherrikokirolariak.org webgunean dute atxikimendua emateko aukera.

Kirolariek antolatutakoa.

Indar metaketa horrek Donostian edukiko du abiapuntua, gaur, eta kirolariak beraiek arduratu dira ekitaldia antolatzeaz. Izan ere, kirolak, kirolariek eta euren aldarrikapenak belodromoa hartuko dute. Koldobika Jauregik egindako harria present egongo da, eta, hain zuzen, harri-jasotzaileek harri hori altxatzen dutenean ekitaldiko «unerik sinbolikoena» helduko da, Eneko Olasagasti Kirol haerria-ren zuzendariaren hitzetan. Une horretan ekitaldiak goia joko du. Irati Anda eta Gorka Karapeto eskalatzaileak ere goietan ibiliko dira. Izan ere, belodromoaren egitura eskalatuko dute.

Arraunlariak, berriz, itsaso zabalean beharrean, lehorrean arituko dira. Mikel Troitiño surflari eta ekimenaren bultzatzaileetako baten esanetan, ergometroan «lehia ikusgarria» edukiko dute. Egitaraua, dena dela, zabala da. Adibidez, xakearekin ere gozatu ahal izango da. Buruz buruko lehiak eta ekitaldiak irauten duen bitartean aldi bereko partidak jokatuko dituzte. Aizkolariei, sokatiralariei eta trontzalariei ere helduko zaie belodromoan bilduko direnen aurrean luzitzeko unea, eta izango dira, adibidez, trial eta kick boxing erakustaldiak ere.

Den-dena ez da, ordea, kirola izango. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako zortzi finalistek abestuko dute, eta Oreka TX taldearen txalaparta doinuek dantzan jarriko dute belodromoa, kirolariak beren zereginetan ari diren bitartean.

«Kirola» eta «herria» lotu nahi nahi dituzte antolatzaileek, eta euskal gizarteari parte hartzeko deia egin diote, «zuzenean ibilbide honen hasieran parte har dezan». Aldarrikapena da euskal kirolariek egingo dutena; beren eskubideen aldarrikapena. Aurrera begira jarri dira, eta gaurkoa mugarria da.

############

Zenbakia.

2.139.

Atxikimendua emandakoak. Euskal Herriko kirolarien ekimena babes handia jasotzen ari da, eta jende ugarik agertu du gaurko ekitaldira joateko intentzioa. Dagoeneko 2.139 dira atxikimendua eman duten kirolariak.

############

############

Helburuak.

1. Kirola egiterakoan, Euskal Herria aintzat hartuz, euskal herritar gisara aritzeko aukera izatea.

2. Nazioartean, bakarka edo taldeka, Euskal Herria ofizialki ordezkatuz parte hartzeko aukera izatea.

3. Lehenbiziko bi helburuak lortzeko, zazpi euskal lurraldeetako kirolariak bilduko dituen tresna baten beharra aitortzea, eta hori sortzen saiatzeko kirolarien borondatea azaltzea.

############

############

Egitaraua.

Harri-jasotzea. Koldobika Jauregi eskultoreak ekitaldirako prestatutako harria altxatuko dute.

Arrauna. Ergometroko lehia egingo dute.

Eskalada. Irati Andak eta Gorka Karapetok belodromoko egitura eskalatuko dute.

Xakea. Buruz buruko lehiak egongo dira ikusgai; horretaz gain, aldi bereko partidak egingo dituzte ekitaldiak irauten duen bitartean.

Bertsolariak. BECeko finalistek abestuko dute.

Musika. Oreka TXren txalaparta doinuak lagun izango dituzte kirolariek.

Erakustaldiak. Kick boxinga, triala...

############

© berria.info