berria.info

Asteartea, 2009ko abenduak 29.

 

Herriak harria bultzatu du.

'Kirol haerria' ekitaldiak izandako harrerarekin gustura daude kirolariak, baina «bide bat egiteko» dutela nabarmendu dute.

Donostiako belodromoa goraino bete zen herenegun egindako festan.

Igor Susaeta.

Kirolariak belodromoko oholtzara igo ziren ekitaldiaren amaieran. Erdian, bi haur ikurrinari eusten, eta atzean, Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria. ANDONI CANELLADA/ARGAZKI PRESS.

Izeta aita-semeak, jendea agurtzen, harria sorbaldan dutela. A. CANELLADA/ARP.

Asko dira euskal herritar gisara nazioartean bakarka zein taldeka Euskal Herria ofizialki ordezkatuz aritu nahi dutenak. Oraingoz 2.139 kirolari atxiki zaizkio Euskal Herriko Kirolarien ekimenari. Herenegun arratsaldean, ordea, herriak ere beren aldarrikapenarekin bat egiten duela ikusi zuten kirolariek. Izan ere, Kirol haerria-k, aldarrikapen horren abiapuntu ekitaldiak, jende mordoa bildu zuen Donostiako belodromoan. Lepo bete zuen. Beraz, han bizitakoarekin, belodromoan ikusi eta sentitutakoarekin «gustura» daude antolatzaileak, Euskal Herriko Kirolarien ekimeneko kideak. Dena den, gauza bat argi utzi nahi izan dute: «Hura mugarria izan zen, abiapuntua. Oraindik bide bat daukagu egiteko».

Euskal Herriko selekzioak ofizialak izan arte urratu beharreko bidea, hain zuzen. «Pausoak guk ematen ez baldin baditugu...», esan zion atzo BERRIAri ekimenaren antolatzaileetako batek. Pozik zeuden: «Hasteko, zein asmo ditugun jendearen aurrean aurkeztea zen gure helburuetako bat». Eta jendeak ez zien hutsik egin. «Giroa bikaina izan zen, eta jendeak belodromoa bete zuen. Pozgarria da hori». Halere, ekitaldia egin aurretik «zalantzak» zituztela aitortu du. «Sekula ez da jakiten. Egiten duzu gauza polit bat antolatzeko ahalegina, baina gero... Halere, jendearen erantzuna paregabea izan zen. Belodromoaren sarreran jende ilarak ikusi genituenean konturatu ginen arrakastatsua izango zela».

Jendeak, herriak, bat egin zuen belodromoan, kirolariek bezala. «Kirol mordoa dago eta ez da erraza izan den-denok biltzea. Halere, hori ere lortu genuen». Erraza ez dela izan adierazi du antolatzaileak, baina «aurrera begira» dauzkaten erronkak zailagoak dira: «Zazpi lurraldeetako kirolariak bilduko dituen egitura bat sortzea, adibidez». Bidean «oztopo askori» aurre egin beharko dietela badakite, baina «ekimenak egiten» jarraituko dute. Belodromoan bizitakoak «indarra» eman die. «Helburu zehatz batzuk dauzkagu, eta oinarri zabala, gainera». Lehen urratsa egin dute, baina hurrena egin beharrekoak «zailagoak» izango dira: «Oraindik ere, dena den, gauza asko daude erabakitzeke».

Kirolariek, behintzat, elkar hartzeko gai direla erakutsi zuten. Eurek elkarrekin antolatu zuten Kirol haerria ekitaldia. Pare bat ordu pasatxoko iraupena eduki zuen, eta belodromoan bildutakoak gogobete zituen. Ilunpean hasi zen festa, baina Oreka TXren txalaparta doinu iradokitzaileek sua piztu zuten hasiera-hasieratik. Maialden Lujanbiok, berriz, gar horren indarra aprobetxatu zuen bere bertso batekin han bildutakoak hunkitzeko. Geroxeago, eta tantaka, txapeldunari lekukoa hartu zioten Euskal herriko Bertsolari Txapelketako finalean lehiakide izandakoek.

Oier Mendizabal pilotariak hartu zuen hitza hurrena, eta Arritxu Iribar eta Xabier Usabiaga aurkezleei bidea ireki zien. Lehia hasi zen gero. Felix Izeta eta Ińigo Argandońa xakean aritu ziren, harriari -aldarrikapenaren sinboloari- lekua egin aurretik. Koldobika Jauregia eskultoreak egin du harria, propio, eta guztira sei harri-jasotzaile bikote aritu ziren hura altxatzen. Ergometroan ibili ziren arraunlariak, baina itsasoan bezala. Azkenean, Jose Luis Kortak entrenatutako taldeak Mikel Orbańanosek zuzendutakoari irabazi zion.

Iribar eta Kortabarria.

Sokatiralariak ere tiraka jardun ziren, eta Ander Azurmendik eta Aitor Eguzkitzak, berriz, kick boxing erakustaldia eman zuten. Ekitaldiko unerik hunkigarriena, baina, iristear zegoen. Oreka TXkoen eta Iker Goenagaren musikari melodia jarri zioten aizkoren eta zerren hotsek, eta Irati Anda eta Gorka Karapeto eskalatzaileek gorantz egin zuten. Bat-batean sabaitik ikurrin handi bat zabaldu zuten, eta belodromoan bildutakoak harritu. Kirolari guztiek momentu hura baliatu zuten agertokira igotzeko. Eta buruan, ikurrin txikiago baten atzean, Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar, 1976ko abenduan bezala. Manifestua azkenik, eta ideia bat argi: «Gaurkoa lehen mugarria izan da, baina bidea luzea da (...). Hasi ziren, hasi gara, eta egin... egingo dugu!».

© berria.info