Asteartea, 2010eko urtarrilak 5.

 

FIDEren historiako zerrendabururik gazteena da Magnus Carlsen norvegiarra, 19 urterekin. 2004ko apirilean lortu zuen maisu handien titulua, eta txapeldun handia izateko bidean da.

Odol hotzaren dotorezia.

Josu Tornay. Donostia.

Magnus Carlsen, Vasili Ivantxuken aurkako partida batean. J. CASARES/EFE.

Magnus Carlsen norvegiarrak 19 urte bete zituen joan den azaroan. Elo zerrenda ez ofizialaren arabera, dagoeneko munduko jokalaririk sendoena da, eta historian hori lortu duen jokalaririk gazteena ere bai. FIDEren zerrenda ofizialean 2.810 punturekin dago. Topalov, berriz, 2.805ekin geratu da, bigarren postuan.

2004ko apirilean maisu handien titulua lortu zuen Carlsenek, 13 urte, lau hilabete eta 27 egun zeuzkanean. Karjakinek eta Negik bakarrik lortu zuten titulua gazteagoak zirenean. Hala ere, azken hogei urteotan beste hamabi jokalarik gainditu dute duela 40 urte Bobby Fischerrek ipini zuen errekorra: 15 urterekin lortu zuen hark titulua. Baina Carlsenen meritua adinetik haratago doa. Bere jokatzeko era eta daukan odol hotza ez dira ohikoak. Posizio zailak ditu gustuko, eta bere aurkariak, onenak izanda ere, askotan geratzen dira nora ezean bere aurka. Kontzentratzeko gaitasun handia du, eta izaera gogorra porrotak jasotzeko. «Xakean baino gehiago haserretzen naiz monopolyan galtzen dudanean». Bere hitzak dira.

Carlsenen aita, Henrik, informazio teknologiako aholkularia da, eta denbora asko pasatu du semearekin bidaian. Bera ere nahiko xakelari ona da, eta seme-alabei jokatzen irakatsi zien. Magnusek ez zuen xakerako interes handirik bost urte zeuzkanean, baina arreba torneoak jokatzen hasi zenean -zortzi urte zeuzkan ordurako Magnusek-, interesa piztu zitzaion. Agdestein maisu handi norvegiarrarekin entrenatu zen, eta 2002tik Artic Securities ordenagailuetako enpresa norvegiarrak babesten du. Gaur egun, Microsoftek berak babesten du Carlsen. Nielsen maisu handi danimarkarraren aginduetara ere aritu da lanean. Eta, azken hilabeteotan zabaldu den albistearen arabera, Gary Kasparov txapeldun ohiak ezkutuan entrenatu du 2009 hasieratik.

2002an 12 urtez azpikoen munduko txapeldun izan zenetik, ia ez dauka emaitza txarrik Carlsenek. 2005ean, Norvegiako Txapelketa irabazi zuen, eta, 2007an, Gausdal eta Bielgo torneoak. Hortik aurrera, beste garaipen ospetsu batzuk heldu dira: Corusekoa 2008an, eta Nanjing eta London Chess Center Classic torneoa iaz.

Munduko txapelketaren bila.

Argi dago munduko txapeldun izateko bidean doala Carlsen. Hamahiru urte zituenean FIDEko Munduko Kopan parte hartzea lortu zuen, eta, lehen txandan, Levon Aronianek kanporatu zuen. Munduko Txapelketako hautagaien torneoko final-laurdenetara heldu zen 2007an -16 urterekin-, eta Aronianek kanporatu zuen berriz. 2011n izango du berriz hautagaien torneoan parte hartzeko aukera. FIDEko zerrendaburua izanda, finalera heltzeko faborito nagusia izango da.

Gary Kasparov azerbaijandarra da historiako munduko txapeldunik gazteena. 1985ean lortu zuen, 22 urterekin. Bera baino gazteagoa zen Lopez de Segura espainiarra -19 urte- ofizialki ez bada ere 1559an munduko xakelaririk onenaren saria eman ziotenean. 450 urteren ostean, Carlsenek Seguraren marka berdindu du, beraz, eta aukera izango du Munduko Txapeldun gazteena izateko.

Baina historiako belaunaldirik lehiakorrena da Kasparoven ondorengoa. Urte askoan Kasparoven eta Karpoven itzalean egon ondoren, orain aukera baliatu nahi dute. Kramnikek, Anandek, Kamskik edo Topalovek hain gazte zirenean ezin izan zuten ezusteko handirik eman, Kasparov handia bere onenean zegoelako. Orain, noski, Carlseni ez diote bidea erraztuko. Elkarrizketetan azpimarratu du munduko txapelduna izatea dela bere helburua, eta ez zaiola hainbeste axola historiako gazteena izatea.

Carlsenek onartu du beregan eragin handia izan duela Kasparovekin entrenatu izanak. Horrek, gainera, pisu psikologiko handia izango du aurkariengan, estrategia alorrean. Aurkarientzat, orain arte norvegiarraren jokoa zen kezkatzeko arrazoi nagusia, baina, hemendik aurrera, Kramnik, Anand, Topalov eta gainerakoei kezka handiagoa sortuko die Kasparoven prestakuntzak eta ikerketak bere eskuetan egoteak.

Xakearen historian maisutasuna eta xelebrekeria elkarren ondoan egon dira askotan. Paul Morphyren eta Bobby Fischerren istorioak dira adibiderik ezagunenak. Beste kasu batzuetan -Kasparov, Kortxnoi edo Alekhineren kasuan, adibidez- izaera gogorrari lotuta egon da maisutasuna. Ia salbuespenik gabe, maisurik handienek eragin politikoa izan dute: Kasparov, Karpov, Fischer, Kortxnoi, Alekhine...

Maisu horien maisutasunak euren izaeran eragina izan du gehienetan. Baina Magnus Carlsen ez da pertsona xelebrea, ez da izaera txarrekoa edo muturrekoa, eta ez da politikaren munduan sartzen. 19 urte dauzka, eta umetan bezala jokatzen du: Partidak prestatu, gutxi hitz egin, jarrera jatorra izan, arazorik sortu ez, bere garaipenei garrantzia kendu... Izaera kontuan hartuta, Anand indiarraren estiloko jokalaria da. Kasparov, agian, Carlseni buruz hizketan ariko zen orain gutxi hau esan zuenean: «Gaur egun, xake teknikoagoa eta oldarkorragoa jokatzen da, baina glamour-a galdu da». Carlsen oso gaztea da, ordea, eta denbora asko dauka bere glamour-a garatzeko.

Carlsenen meritua adinetik haratago doa; jokatzeko era eta odol hotza ez dira ohikoak.

Azken albisteen arabera, Kasparovek ezkutuan entrenatu du 2009ko hasieratik.

© berria.info