
Asteartea, 2010eko martxoak 16.
Botere aldaketa euskal xakean.
Naturgas-Sestao lehen aldiz nagusitu da Euskal Ligan, eta
Gros, orain arteko liderra, bigarren sailkatu da.
Josu Tornay. Donostia.


Maxime
Vachier-Lagrave, Sestaoko jokalari frantziarra. A. DELLA VALLE/EFE.
1999ko udazkenean
irabazi zuen Rey Ardid Bilboko xake taldeak Euskal Liga. Hurrengo urtean, Gros talde
igo berria nagusitu zen. Beste horrenbeste egin zuten donostiarrek hurrengo
zortzi urteetan. 2000tik 2004ra, Rey Ardid izan zen Grosen arerio nagusia.
2005ean eta 2006an, ordea, Donostiako taldeak ez zuen aurkaririk izan.
Atzerritarrak fitxatuta, tituluak eta prestakuntza eraman zituzten Grosera.
Etxeko jokalariek, gainera, aurrerapausoa eman zuten. Ordutik, Espainiako
Txapelketan goiko postuetan ibili da, Europako Txapelketan emaitza aipagarriak
lortu ditu.
Bizkaitik heldu
zen susperraldia, 2007an. Naturgas enpresaren laguntzarekin, talde sendo bat
prestatu zuten Sestaon (Bizkaia), Ohorezko Mailan lehen aldiz aritzeko. Izen
handiko jokalari profesionalak fitxatu zituzten, eta Grosek beste urte
batzuetan baino zailtasun gehiago izan zituen titulua eskuratzeko. Sestaok gero
eta jokalari hobeak fitxatu arren, donostiarrak jaun eta jabe ziren. Haientzat
izan ziren 2008ko eta iazko txapelak.
2010a, baina,
Sestaoren urtea izan da, azkenean. Babesleak pazientzia izan zuen, eta
laugarren urtez jarraian taldea diruz lagundu ostean, emaitzak heldu dira. Bat
guztien gainetik: Euskal Liga irabazi dute lehen aldiz, eta Grosen diktadura
amaitu.
Sestaok talde
bikaina izan du sasoi honetan. Horretarako, jokalari garrantzitsuak fitxatu
zituen; tartean, hiru supermaisu handi: Hikaru Nakamura, Nigel Short eta Maxime
Vachier-Lagrave. Aurreneko biak ez dira aritu Euskal Ligan, Espainiako eta
Europako txapelketetan aritzea nahiago izan baitu taldeak. Vachier-Lagravek,
berriz, partida bakarra jokatu du, joan den larunbatean, azken jardunaldian.
Euskal Ligako taldearen bizkarrezurra honako jokalariek osatu dute: Romain
Edouard, Jean Noel Riff, Stuart Conquest, Gabriel del Rio, Alfonso Romero eta
Mario Gomez.
Grosek ere talde
ona zeukan: Rustam Kasimdzhanov, Christian Bauer, Etienne Bacrot, Loek Van
Wely, Hixam Hamdouchi, Pablo San Segundo, Roberto Cifuentes, Glenn Flear...
Klubak, baina, apustu arriskutsua egin zuen: Euskal Ligan euskal jokalariak
bakarrik aritzea, eta atzerritarrak Espainiako eta Europako txapelketetan. Hala,
Alejandro Francok, Mikel Huergak, Santi Gonzalezek eta Iñigo Argandoñak jokatu
dute.
Hala ere,
Sestaoren aurkako norgehiagokan bi taldeak onenekin aritu ziren: Sestaon,
Alexander Moiseenko, Andrei Istratescu, Del Rio eta Romero aritu ziren; eta
Grosen, Bauer, Hamdouchi, Cifuentes eta Huerga. Grosek galdu zuen etxean
(1,5-2,5). Lehen hiru tauletan berdinketak izan ziren, eta laugarrenean,
Huergak Romeroren kontra galdu zuen.
Joan zen
larunbatean jokatu zen Euskal Ligako azken txanda, Donostiako Karmelo Balda
frontoian. Ordurako, baina, Sestaok patrikan zuen titulua. Izan ere, aurreko
jardunaldian, zortzigarrengoan, Sestaoko laukoteak 4-0 gainditu zuen Easo, eta
Grosek 3-1 irabazi zion Iruñeko Orvinari.
Liga erabakita
izanagatik, azken txandarako talde ederra aurkeztu zuen ere Sestaok
(Vachier-Lagrave barne). Grosek, berriz, bigarren postua ziurtatu nahi izan
zuen. Eta lortu zuen, Barakaldori 0-4 irabazita. Subijanako Ruta de
Europarentzat izan da hirugarren postua Euskal Ligan. Arabarrek oso torneo
polita egin dute, eta azken txandan justu-justu eman zuten amore Sestaoren
aurka: 2,5-1,5 galdu zuten. Lehen taulan Jesus Iruzubietak Vachier-Lagraverekin
berdindu zuen. Hori lortuta, historia egin zuen Iruzubietak. Izan ere, bera
izan da 2.700 elo baino gehiago duen jokalari baten kontra punturen bat lortzen
duen lehen euskal jokalaria.
Orvina behera, Zuri-Baltza gora.
Bestalde, ikusmin
handia zegoen jakiteko zein talde jaitsiko ziren Lehen Mailara, eta zeintzuk
igoko ziren maila nagusira. Azkenean, Ohorezko Mailatik Iruñeko Oberenak galdu
du maila, eta Barakaldok jokatu beharko du jaitsiera saihesteko kanporaketa.
Aretxabaletako Arlutzek balentria egin du berriz ere, eta mailari eutsi dio.
Euskal Ligako Lehen Mailari dagokionez, txapelketa oso
parekatua izan da, eta lehia gogorra izan da azken jardunaldira arte. Azkenean,
Bilboko Zuri-Baltza nagusitu da 21,5 punturekin. Santutxuko talde historikoak
azken txandan ziurtatu zuen maila gorenerako txartela, 1-3 Errenteriako Kultur
Sustapen taldea gainditu ondoren. Sestao-Naturgas B izan da bigarren sailkatua
Lehen Mailan, puntu berdinekin baina berdinketa hausteko koefiziente
txarragoarekin. Hala ere, Naturgas-Sestaoren bigarren taldea izanik, ezin da
mailaz igo. Beraz, Rey Ardid Bilboko taldeak jokatuko du Ohorezko Maila
igotzeko kanporaketa Barakaldoren kontra. Bilbotarrek igoera lortuko balute,
Bizkaiko hiriburuko bi talde historikok parte hartuko lukete Ohorezko Mailan
datorren urtean.
Gros euskal jokalariekin aritu da lehia askotan, eta
garesti ordaindu du.
© berria.info